martes, 29 de noviembre de 2016

Aurkezpena


 Abenduko zubiarekin batera dator artisauek Euskal Herrian duten hitzordurik garrantzitsuena: Euskal Denda; Arbaso artisauen elkarteak antolatutako honek 21. edizioa du aurtengoa. Euskal Herriko artisautzaren erakusleihorik inportanteena da. Badaude beste azoka batzuk gure lurraldeetan, urtean zehar, baina Durangokoa da mimo handienaz antolatzen duguna, beste behin ere, Durangoko merkatu plazan.
Gaur Kurutzesantu Museoan, halaber, Durangoko Turismoa Bulegoa, Arbasoko presidenteak, Bernat Vidalek eta Arbasoko kideak, Olatz Pujanak aurtengo zehetasun guztiak eman dituzte.

    21. edizio honetako Euskal Dendak, “jalgi hadi mundura...” leloaren bitartez, urratsez urrats, mundura agertu daitezen animatu nahi ditu artisauak; uste baitugu, euskal artisautzak presente egon behar duela ekintza instituzionalei laguntzen, kulturaren beste adarretako baten gisara. Hartara, nahi onak eta berri horiek sostengatzeko irudi ezin hobea aukeratu dugu aurtengo azoka sustatzeko, urratsak ematen lagunduko digun makila enblematikoa, hain zuzen ere.

Abenduaren 2tik 6ra, Euskal Denda ezinbesteko topaketa izango da artisautza bizirik dagoen sektorea dela egiaztatzeko, baita tradizioz, lanbidez onez eta trebetasunez beteta iristen dela erakusteko ere. Baina batez ere, ilusioz eta itxaropenez dator, bilakaeraren bilakaeraz, gure mugak gainditzeko gogoekin datorren sektore aitzindaria izanik. Arbasoko bazkideak kanpora begiratzen ari dira bereziki; izan ere, aurten gure artisautzak nazioartekotzeko esperientzia izan du, ekaina eta uztailean, Washintong DC-n egin den Smithsonian Festibalean parte hartu baitugu.
Hamarkada biren ondoren egiten dugun gogoetari esker, aukera dugu sektorean izandako aldaketak eta egindako bidea ebaluatzeko. Hamarkada luze bietan, ezina egia bihurtu da esfortzuz, lanaz, adorez, konfiantzaz. Orain, erronka berrien gaineko hausnarketa egin behar dugu, nazioartekotzea da horietako bat.

Azoka finkatuta dago denon egutegian, ekoizleenean eta bisitarienean. Esan bezala, azkarregi aldatuz doan etorkizun berrira begirako hausnarketa egin behar dugu, beraz, erritmoa egokitu, bilakaera eragin eta lan ona munduratu beharko dugu.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario