sábado, 3 de diciembre de 2016

365 egun euskaraz


Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Hori dela eta, ospakizunaren helburuak azalduko dizkizugu.
Frantzisko Xabierkoaren egunean. Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan izan ziren, hau da, euskaraz.
1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.
Lehenengo edizioa

Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentu batekin topo egin dugu Sarean.Euskararen Egunak hainbat izen izan dituela? Lehendabiziko edizioan “Eskuararen Eguna” erabili zen eta ondorengo urteetan “Euzkararen eguna” edo “Euzkara Eguna” bezala ikusi izan dugu. Egun Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira.
Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen dela Euskararen Nazioarteko Eguna. Jakin badakigu Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskara goraipatzen dela abenduaren 3an.
Euskal Herrian euskaraz
Euskararen erabilera eta euskara bera sustatzeko asmoz, hainbat elkarte, erakunde publiko eta herritarrek milaka ekitaldi antolatu dituzte (mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak, mota desberdinetako ikuskizunak, aurkezpenak…) egun seinalatu horretan, Euskal Herriko bazter guztietan, euskara bultzatu eta omentzeko.
Baina, Euskararen Egunaren aldeko lehen aldarrikapenak antzinakoak dira: Errepublika garaian Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antolatutako antzerti eta olerti zein bertsolari egunak… Aipatzekoak dira, halaber, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Iparraldera alde egindako euskaltzaleek zein bertokoek Euskaltzaleen Biltzarraren babespean egindako lanak. Sasoi horretakoa (1949) da, hain justu, Eusko Ikaskuntzak sortutako Lehenengo Euskararen Eguna.
Horren haritik, 2010ean, Legebiltzarrean, honako adierazpen instituzionala onartu zuten: “Euskara euskal gizartearen ondarea da, haren historiaren eta kulturaren osagarri ezinbestekoa. Baina, munduko gainerako hizkuntza guztiak bezala, eleaniztasuna ezaugarritzat duen gizadi osoaren ondare ere bada. Hizkuntzen dibertsitatea babestu nahi bada, beharrezkoa da euskara zaindu eta sustatzea”. 
 “Euskarak garapen historia luzea du. Hizkuntzaren aurre-historiaz, aldiz, ezer gutxi dakigu segurtasunez. Baina euskara, batez ere, hizkuntza modernoa dugu, gaurkoa eta gaurkotua, gure egungo gizarteak erabiltzen jarraitu nahi duena eta, gizartearen alor guztietan, gero eta aitortza handiagoa jasotzen ari dena. Euskararen aldeko oinarrizko adostasunetik, 1982ko Normalizazio Legean islatutakotik, itun berri bateranzko orainaldiko saioetara denbora tarte bat dago, ez oso handia, baina euskararen ezagutza eta erabileran aurrerapauso sendo eta ikusgarriak eman dira urteotan”. Aurrerago, honela zioen: “Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzean euskararen orainari eta etorkizunari leiho zabal bat irekitzen diegu, eleaniztasunak gure bizikidetzan eta gizarte-kohesioan izan dezakeen eragin onuragarriaz konbentziturik”.
Aurten, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen  30. urteurrena ospatzen dela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aurpegiak deitzen den kanpaina jarri du abian. Kanpaina azaroaren 24an hasi da eta abenduaren 3an bukatu, eta, horrela, bi datak uztartu dira. Kanpainaren bidez euskarak dituen aurpegi anitzen berri eman nahi da: gazteak eta ez hain gazteak, gizon eta emakumeak, bertoko jendea eta atzerritik etorritakoa... Kanpainarako egin den bideoko abestiak dioen bezala, euskarak milaka aurpegi ditu.
Gaur egun, orain dela 20 urte baino 190.000 elebidun gehiago dago EAEn, baina euskararen ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean hazi. Biztanleen %20k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du, eta beste %8,9k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago. Beraz, euskararen erabilera areagotzea da xedea, erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.
Horregatik, aurtengo abenduaren 3an denok egin beharko genuke ahalegin berezi bat euskaraz aritzeko txoko guztietan: etxean eta kalean, eskolan eta tabernan, lagunekin eta familiarekin, telefonoaren bidez zein twiterren bidez, erabilerak emango baitio euskarari bizia eta indarra.
Euskararen eguna aitzakiatzat hartuz, urtetik urtera egitasmo berriak abian jartzen dituzte euskararen inguruan lanean dihartuden eragileek.
Ospa dezagun elkarregaz denei opa diegun euskara!

No hay comentarios:

Publicar un comentario